Mila gau eta bat gehiago
Wikipedia(e)tik
Mila gau eta bat gehiago (كتاب ألف ليلة و ليلة arabieraz eta Alf leyla wa-leyla; edo هزار و یک شب persieraz) Ekialde Ertaineko ipuin arabiar sorta bat da, istorio baten barnean istorio asko biltzen dituena. Hazâr Afsâna (mila kondairak, هزارافسانه persieraz) izeneko liburu bat dago muinean. Antza denez, Abu abd-Allah Muhammed el-Gahshigar ipuin kontalariak bildu eta itzuli zituen arabierara istorio hauek IX. mendean. Sherezaderi buruzko istorioa XIV. mendean gehitu omen zen. Lehen argitalpen arabiar modernoa 1835ean izan zen Kairon, idazki egiptoarretan oinarrituz.
Zirrara handia sortu zuen mendebaldean XIX. mendean. Garai hartan metropoliek espedizioak eta kultura exotikoei eta geografiari buruzko ikerketak bultzatzen zituzten. Benetan 1704an itzuli zen lehen aldiz Mila gau eta bat gehiago, baina urte horretan argitaratutako frantsesezko bertsioa moldaketa bat zen, Antoine Galland-ek egina, liburuan ugari diren adulteriorik eta gertaera odoltsurik gabea. Richard Francis Burton diplomatiko, militar, esploratzaile eta afrikar kulturan adituak egindako itzulpenak arrakasta handia izan zuen.
Hiru kontakizun multzo ditu, India, Pertsia eta Egipto alegiazko ikuspuntu distortsionatu batetik islatzen dituztenak. 800 urte aldera, ahoz aho transmititutako ipuinak ziklotan antolatu ziren. Historia gehienak Pertsia (gaur egungo Iran), Irak, Afganistan, Tajikistan eta Uzbekistango tradiziotik jasoak direla uste da, gerora konpilatu eta beste egile batzuen istorioekin elkartuz.
Sarritan liburua haur eta gazteentzako moldatu da mendebaldean. Orohar, bere hedapenerako abentura eta fantasia nagusi diren kontakizunak aukeratzen dira. Bestalde, mendebaldeko idazle askok, liburuaren egiturak liluraturik, kateatutako narrazio egitura imitatu zuten. Adibidez, Robert Louis Stevenson ingelesak The new Arabian Nights (1882) argitaratu zuen, Londresen kokatutako istorio arraro bilduma bat.