Tsunami
Wikipedia(e)tik
Tsunamia olatu edo olatu talde bat da, itsasoko ur kopuru handia bertikalki eta laster desplazatzen denean sortua. Fenomeno natural hau lurgaineko zein itsaspeko lurrikara, luizi, sumendi erupzio zein meteorito handien talka batek sortua izan daiteke. Itsaspeko eztanda atomikoek ere sortu omen ditzakete. Horregatik, nahiz eta olatu erraldoi itxura izan, ez dira egiazko olatuak, hauek haizeak eragindakoak baitira.
Hitza japonieraz da: portu (tsu, 津) eta uhin edo olatu (nami, 波 edo 浪). Hitza guztiz euskaratu da, ohiko forma hartuz: tsunami bat, tsunamia, tsunamiak (ahoskatu, askotan, txunami diogu). Japoniako arrantzaleek sortu zuten hitza, noizean behin portura itzultzean kaiko inguruak urak suntsituta aurkitzean, nahiz eta haiek olatu bakar bat ere ez nabaritu itsasoan zeudenean. Tsunamiek uhin garaiera (anplitude) txikia dute itsaso barruan eta uhin luzera handia (maiz ehunka kilometro luze), horregatik nabarigaitzak suertatzen dira itsasoan, pasatzen den konkortxo samur bat bezala agertuz.
Fenomeno hau sarrien pairatzen duen eskualdea Ozeano Bareko kostak dira, bertan kokaturik baitago “suzko lerroa” edo aktibitate sismiko handien duen bi plaka tektonikoen talka lerroa, batez ere Asiako ekialdea.
Garrantzitsua da jakitea ez dela nagusiki tsunamiaren garaiera suntsitzaile egiten duena, baizik-eta ur mailaren igoeraren iraupena eta honek desplazatutako ur kopurua: hainbat metro garaierako olatuak, agian hamar metro ingurukoak, sarri agertzen badira ere Ozeano Bareko kostetan, ez dute nahiko ur eramaten lur barnera sartzeko haina. Kontrakoa, olatuak bi metro eskas izanik ere, ur kopuru handia badu, suntsitzailea izan daiteke oso, ehunka metro lur barnera sartuz leku laua eta oztopo naturalik gabea bada. Hori bera gertatu zen Indonesiako Banda Aceh estatuan 2005eko abenduan, itsasoa hainbat kilometro sartu zelarik.
Eduki-taula |
[aldatu] Tsunamien sorrera
Edozein fenomenok eragin dezake tsunamia, ur kopuru handi bat laster desplazatzen badu: lurgaineko zein itsaspeko lurrikarak, luiziak, sumendi erupzioak zein meteorito handien talkak. Hala ere, lurrikarek sortzen dituzte tsunami kopuruaren %90a (tsunami tektoniko deritzatenak). Tsunami bat sortzeko txikiegia den lurrikara batek itsaspeko luizi handi bat sortu dezake, eta honek tsunamia.
Itsaspeko plaka ozeanikoa bortizki igotzen edo jaisten bada, plaka tektonikoen talka dela eta, gainean duen ur masa desplazatzen du. Grabitatearen eraginez, ur masa handi honek oreka bilatzen du eta alboetara hedatzen da, putzuan botatako harri koxkorrak bezala. Lurrikara eragile hauek batez ere sortzen dira plaka ozeaniko bat plaka kontinental baten azpian irristatzen denean, subdukzio izeneko prozesuan. Ur desplazamendua hurbildik hurbilera lekualdatzen da eta uhin luzera handiko (askotan ehunka kilometro luze) eta periodo handiko (hamarka minutu) mugimendua sortzen.
Itsaspeko luiziak pentsa baino ur kopuru handiagoa desplazatu dezakete, tsunamia sortzeraino. Sumendi erupzioek eta meteorito talkek sortutakoak bezala energia kontzentrazio erraldoia izatea iritsi daitezke, baina lurrikarek sortutakoak baino lasterrago sakabanatzen dira, urrutiko kostetara iritsi gabe. Hala ere, iturburutik gertu talka-uhin erraldoiak (solitoiak) altxa ditzakete, Lituya Badiako (Alaska) megatsunamia bezala, zeinek 50–150 metro inguruko olatua sortu baitzuen, inguruko 524 metroko mendietara iritsi zelarik.
[aldatu] Izandako tsunamiak
Gehiengo tsunamiak Ozeano Bareko kostetan gerazten dira, baina mundu osoan gerta daitekeen fenomenoa da, ur kopuru handiak dauden lekuetan (itsaso, ozeano, aintzira). Ehunka tsunami sarri izaten dira, baina hain dira txikiak ezen ez diren arriskutsuek ezta detektatzen ere,ekipamendu espezializatuarekin ez bada.
[aldatu] 1650 K.a. - Santorini edo Thera (Grezia)
1650 eta 1600 K.a. tartean (oraindik eztabaidagai), Greziako Santorini sumendi-uhartea eztanda egin zuen, uhartearen bi herenak ur azpian jaurtiz. 100-150 metroko tsunamia sortu zuen eta Kretako kosta suntsitu (70 kmra), kultura minoikoa ia ezabatuz. Gertaera hau jotzen da Platonen iturburu bezala Atlantisen mitoa idazteko Kritias bere liburuan.
[aldatu] 1755 - Lisboa (Portugal)
Milaka lisboatar hil ziren, 1755eko Lisboako lurrikara ondoren sortutako tsunamiak. Lurrikarak sortutako txikizio eta anabasak milaka portugaldar bultzatu zituen Lisboako kostara, sutetik ihesi. Han, lurrikara eragindako olatu erraldoiak harrapatu zituen. Katastrofe hartan Lisboako beheko auzo guztia deuseztatu zen, Pombal markesak berreraiki zuelarik.
[aldatu] 1883 - Krakatoa (Indonesia)
Krakatoa sumendi-uhartea guztiz lehertu zen, barneko magma poltsak presio iugarri handiak jasan ondoren. 40 mko olatu erraldoia sortu zuen eta 36.000 hildako.
[aldatu] 2004 - Ozeano Indioko Tsunamia
2005eko abenduaren 26an Indonesiako mendebaldean dagoen Banda Aceh estatutik kilometro batzuetara epizentroa zuen 9,2 Richter eskalako lurrikarak sortua. 320.000 hildako (210.000 Indonesian bakarrik). Ozeano Indioko kosta guztietan pairatu zuten: Indonesian, Malaisia, Tailandia, Bangladesh, India, Sri Lanka, Somalia, Kenia, Tanzania. Ozeano Barean ez bezala, Ozeano Indioko herrialdeek ez zuten tsunami alerta zerbitzu garaturik.