Hodei
Wikipedia(e)tik
Artikulu honek ez ditu Wikipediaren formatu hitzarmenak betetzen edo ez du sintaxi egokia. Mesedez, aldatu ezazu bete ditzan. Ez ezabatu ohar hau wikitu arte. |
Hodei edo lainoak airean dauden ur eta izotz partikulen metaketa ikusgaiak dira. Hodeiak atmosferako behe geruzako, troposferako, edozein lekutan ager daitezke, eta duten konposaketaren eta agertzen diren altueraren arabera sailkatzen dira. Munduko Meteorologia Erakundeak (WMO) hainbat azpitaldetan banatzen diren 10 laino mota sailkatu ditu.
Atmosfera, eta zehazkiago troposfera, laino jakin batzuk agertu ohi diren hiru zatitan banatzen da.
Goi-maila: 7 eta 13 kilometroko arteko altueran. Laino altuak agertzen dira. Erdi-maila: 2 eta 7 kilometro arteko altueran. Erdi-mailako lainoak agertzen dira. Behe-maila: Lurrazaletik 2 kilometro arteko altueran. Laino baxuak agertzen dira.
Altueraren araberako sailkapen hau, era berean, lainoen konposaketarekin bat etorri ohi da.
Laino altuak izotzezko lainoak izan ohi dira, inguramendu zehazturik gabe, -35ºC baino tenperatura baxuagoa izaten ohi dutenak. Erdi-mailako lainoak urez eta izotzez osatutakoak izan ohi dira eta -35ºC eta 10ºC arteko tenperaturak izan ohi dituzte. Laino baxuak urezko lainoak izan ohi dira, eta -10ºC baino tenperatura altuagoak izan ohi dituzte, batzuetan 0ºC-tik ere pasatzen direlarik. Laino hauek, inguramendua guztiz zehaztua izan ohi dute.
Lainoak ere hiru talde nagusitan banatzen dira: zirruak, kumuluak eta estratuak. Eta aipatutako hiru sailkapen hauetatik lortzen dira 10 laino motak.
[aldatu] Laino altuak
Zirruak [Ci]
Zirruak troposferaren goiko partean soilik azaltzen dira, 7 eta 13 kilometro arteko altueretan. Zuntz eta noizean behin zeta-antzeko itxura izan ohi duten laino meheak izan ohi dira. Itsasgizonen artean katu buztan izenez ere ezagunak dira. Egunez guztiz zuriak izan ohi dira, itzalik gabeak, baina ilunabarreko eguzki-izpiekin kolore hori-gorria hartzen dute, iluntzean tonalitate grisa hartzen dutelarik.
Errefrakzio fenomenoak sortzen dituzte eta zeru guztia estaltzen dutenean, hurrengo 24 orduetan eguraldiak aldaketa bortitza jasango duela eta tenperaturak jaitsiko direla estima daiteke.
Zirrostratuak [Cs]
Zirruak bezala, goi partean soilik azaldu ohi dira eta esne koloreko errezel dirdiratsu leun itxura izan ohi dute. Ortzia guztiz edo partzialki estaltzen dute, eta oso meheak direnez, Eguzkiaren eta Ilargiaren inguruan aureolak sor ditzakete. Ertzak mugatuta izan ohi dituzte.
Zirruen ondoren agertu ohi dira, ekaitzak edo frente epelen bat datorrela iragarriz.
Zirrokumuluak [Cc]
Goi partean azaltzen diren eta ordenatuta, lerrokatuta edo taldetan laiatutako lits zuri txikiez osaturiko lainoak dira. Guztiz zuriak izan ohi dira eta ez dute itzalik izaten.
Maiz, zirruekin batera agertu ohi dira eta hurrengo 12 orduetan eguraldia aldatuko dela adierazten dute. Normalean, laino mota hau izaten da ekaitzen aurretik agertzen dena.
[aldatu] Erdi-mailako lainoak
Altokumuluak [Ac]
Erdi-mailako altueran egon ohi diren eta lerrokaturik dauden maluta erraldoi esferiko gisa azaltzen diren lainoak dira. Gris-zuri kolorea izan ohi dute eta normalean, itzalak izan ohi dituzte. Zirrokumuluak baino apur bat mardulago, handiago eta ikusgaiagoak dira.
Altoestratuak [As]
Altokumuluen altuera igualtsuan agertu ohi diren lainoak dira. Zerua, osorik edo partzialki tapatzen dute eta apur bat ildaskatutako laino-kapa uniforme gris itxura izan ohi dute. Lodiak izan ohi dira, normalean Eguzkia guztiz lainotzen dutelarik, halorik sortu gabe. Euri fina eta tenperaturaren jaitsiera iragar ohi dituzte laino hauek.
Estratokumuluak [Sc]
Normalean, erdi-mailako altueran agertzen diren laino hauek kolore gris-zuria izan ohi dute, eta beti agertzen dira zati ilunak hodei-multzoan. Masa borobildu eta multzokatu zabalak izan ohi dira.
Estratokumulek, normalean, ez dute euririk botatzen, nimbostratu bihurtzen ez badira behintzat, eta eguraldi ona adierazten dute.
[aldatu] Laino baxuak
Kumuluak [Cu]
Normalean beheko mailan agertzen diren arren, goiko altueretaraino hedatu daitezkeen laino hauek ganga-forma izan ohi dute eta banaturik, gutxitan, edo konpaktuak, normalean, agertu ohi dira. Azalore erraldoi itxura izan ohi dute eta goiko partea Eguzki-izpien ondorioz argia izan hi den bitartean, beheko alde horizontala, iluna izan ohi da.
Kumuluak, eguraldi onaren adierazgarri dira hezetasun eta mugimendu atmosferiko txikia dagoenean, baina hezetasun altua eta gorako korronte gogorrak daudenean tamaina handia hartu eta ekaitzak eta euri-jasa handiak sor ditzakete.
Kumuluninboak [Cb]
Bertikalki hedatzen diren laino handi hauek dira ekaitzak sortzen dituztenak, kazkabarra ere sor dezaketelarik. Goiko zatia izoztean gertatzen dira ekaitzak, eta orduan, motots haritsu itxurako goiko zati zapaldua izan ohi dute.
|thumb|right|Kumuluak]]Ninboestratuak [Ns]
Laino oso mardul eta ilunak izan ohi dira, Eguzki-izpiei igarotzen uzten ez dieten adinakoak.
Udaberri eta udako euri eta neguko elur laino tipikoak dira.
Estratuak [St]
Lurretik hurbilen agertzen diren lainoak dira, behe-lainoak, hain zuzen ere. Gris edo zuri kolore homogeneoa izan ohi dute eta zeru guztia tapatzen dute.
Udazken eta neguan egun guztian zehar mantendu daitezke zeruan egunari triste itxura emanez, baina udaberri eta udan, gaueko ordu txikietan sortu eta egunaren hasieran desagertzen dira, eguraldi ona egingo duela adierazten dutelarik.