The Dark Side of the Moon
Wikipedia(e)tik
Pink Floyd-en albuma, 1973. urtean sortua, musika komertzialaren historian 4. diskorik salduena (25 milioi ale baino gehiago). Bere izenburuak ("Ilargiaren Alde Iluna", euskaraz) mundu magiko eta misteriotsua gogora ekartzen du, albumen musikarekin eta abestien hitzekin oso ongi moldatzen dena.
Disko hau taldearen lehenengo urteetako lanik gorenetzat jotzen da. 1966. urtetik Pink Floyd-ek muga musikal berriak bilatzeari ekin zion, soinu esperimentu ugari eginez rock sinfoniko eta aurreratuaren arloan. Elektronikak eta musika teknologiak taldearengan sortzen duen lilura agerikoa da lehenengo lanetan, eta are gehiago Ummagumma-n (1968), Atom Heart Mother-en (1970) eta Meddle-n (1971). The Dark Side of the Moon bilaketa horren emaitza bikaina da. Album honekin Pink Floyd-ek ospe artistikoa eta komertziala lortu zuen, eta bere fama Europako mugetatik at zabaldu zen, mundu osora.
Diskoa iraultza teknikoa izan zen ere, soinu efektu oso bitxiak edukiz garai horietarako (1973). Alan Parsons ingeniariak taldearen zerbitzura jarri zuen bere jakituria, lan borobila lortuz, trikimailu teknologikoek britainiar laukotearen soinu oniriko eta erakargarria areagotzen baitute.
The Dark Side of the Moon-en hitzek, kriptiko eta surrealistak, -Roger Waters-en idatzitako guztien antzera- gaurko bizimodu estresagarriaz jarduten dute: arrakasta eta diruaz (Money), zahartzaroaz (Time), eromenaz (Brain Damage), e.a.
Album honen gai batzuk (Time, Money, Brain Damage, The Great Gig in the Sky,...) taldearen historian berezko lilura izango dute betiko. Baina album osoa da bikaina, kritikarien iritziz laukote britainiarrak sortutako lanik borobilena eta berritzailena baita.